Erakusketak markaren sorkuntza-prozesu guztia biltzen du; abenduan Zabalguneko Merkatura eramanen da, eta urtarrilean, auzoetara
Kondestablearen jauregian abenduaren 19tik aurrera egonen da ikusgai ‘Pamplona = Bagara. Iruña = De verdad’ hiri-marka. Hiri-marka joan den astean aurkeztu zitzaien herritarrei. Formatu handiko sei panel dituen erakusketak ideien eta sorkuntzaren prozesu guztia jasotzen du, bai eta hiri-markaren parte diren osagaiak ere, haren iruditik hasi eta enbaxadoreetaraino.
Erakusketa ibiltaria da eta ekainera arte Iruñeko auzo guztietan zehar ibiliko da, hiri-marka berria herritar orori aurkezteko. Oraingoz, Kondestablearen jauregian ikusgai egon ondoren, Zabalguneko Merkatura eramanen da, eta bertan abenduaren 20tik urtarrilaren 10era arte egonen da ikusgai.
Sei informazio-paneli esker, herritarrek gertutik ezagutzen ahalko dute zer den hiri-marka eta zergatik aukeratu den lelo eta irudi hori. Hala, lehendabiziko panelak hiri-markaren esanahia hartuko du hizpide, logo batetik haratago doan zerbait, hain zuzen ere. Erakusketak azaltzen du hiri-marka batzen gaituen zerbait dela, Iruñeko herritar guztiei buruz hitz egiten duela, eta herritarrok kontakizun komun baten inguruan biltzen gaituela. Gainera, azaltzen du kontakizun horren aldeko apustua egiten duela hiria kokatzeko, proiektatzeko eta estatu mailan eta nazioartean ezagutzera emateko. Ildo horretan, beste hiri batzuen errepasoa egiten du, hiri horiek ere marka ezaguterrazak sortzearen aldeko apustua egin baitute. Hiri horiek dira, besteak beste, Málaga, Gasteiz, Palma Mallorcakoa, Valentzia eta Sevilla.
Bigarren panelak ideien prozesu osoa azaltzea du helburu. Ideien prozesu hori hainbat etapatan eta zortzi hilabetez luzatu da, parte hartzeko jardunaldien, elkarrizketen, mahai sektorialen eta tekniken bidez. Prozesu horretan zehar 1.700 kolektibo gonbidatu dira, eta sei mahai sektorial, elkarlanean sortzeko lau lantegi eta 120 elkarrizketa jarri dira martxan. Horietatik guztietatik, 21 txosten eta dokumentu aztertu dira, ‘Pamplona = Bagara. Iruña = De verdad’ hiri-marka lortu arte. Iruña=De verdad’.
Prozesu horretatik, herritarren iritziz Iruña identifikatzen duten zortzi tip atera ziren. Horiek guztiak hirugarren informazio-panelean jaso dira eta errealitate hauei egiten diete erreferentzia: Toki bat baino gehiago, Iruña bertako jendea da, Iruña parte-hartzailea, aldarrikatzailea eta solidarioa da, Iruña sanferminak baino askoz gehiago da, Iruña plurala da eta Iruña berdea da.
Diagnostiko horren ondoren, estrategia egiteko ordua da. Guztia biltzen duen esaldi hori, gaurkotasuna eta iragana dena, kolore berde hori eta berezko tipografia hori, benetakoa, freskoa. Hori guztia hiru paneletan azaltzen da, eta panel horietan justifikatzen da zergatik aukeratu den marka hori eta ez beste markaren bat.
Erakusketak, gainera, bi panel ditu, Iruñeko zortzi pertsonaren aurpegiak eta historia jasotzen dituztenak. Lau gizon eta lau emakume dira, dagoeneko hiri-markaren enbaxadore bihurtu direnak, beren ibilbide profesionalarengatik eta joaten diren toki orotan Iruña marka esportatzeagatik. Honako hauek dira: Joanna Artieda Vicente, gozogilea; Mai Garde Echaleku, futbolaria; Nekane Solana Arocena, La Pamplonesako presidentea; Aurora Beltrán Gila, musikaria; Juan Martínez de Irujo Goñi, pilotaria; César Oroz Martija, umorista grafikoa; El Drogas, musikaria; Montxo Armendáriz Barrios, zinemagilea.
ERAKUSKETA IBILTARIA
Iruñeko auzoak: urtarrilaren 16tik aurrera eta ekainera arte
Kondestablearen jauregia: azaroak 19 – abenduak 19
Zabalguneko Merkatua: abenduak 20 – urtarrilak 10