Gutaz hitz egiten duen marka batek batzen gaitu
Hiri-marka bat ez da logotipo hutsa; aitzitik, tresna oso garrantzitsua da hiriaren nortasuna, indarrak, baita kontraesanak ere, hobeki bideratzeko. Ez du inoiz zatitzen, baliagarria da soilik batu egiten badu. Era berean, hiri-marka bat ez da apaingarri bat; alderantziz, hiri horren errealitateari erantzuten dio beti: bere datuen gainean eraikitzen da, den horren gainean.
Beste hiri batzuek jada badute beren hiri-marka: Oporto, Helsinki, Gasteiz, Sevilla, Valentzia… Estrategia berria da, eta duen garrantzia dela-eta, gero eta hiri gehiagok bere egin dute. Orain, Iruña ere korronte horretan sartu da.
Sei hilabete parte hartzen eta elkarrekin sortzen
Prozesua 2024ko udaberrian hasi zen. Martxoan eta apirilean sei mahai tekniko eta sektorial egin ziren. Udalaren langileek eta landutako sektore eta gaietako hainbat lagunek parte hartu zuten. Hizkuntza eta Kulturako Mahaian, adibidez, honako hauen ordezkariak aritu ziren: Gayarre Antzokia, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Civivox sarea, Udal Artxiboa, La Pamplonesa, haur-eskolak, musika-eskola eta Kultura, Euskara eta Aniztasuneko Alorrak…
Turismo eta Merkataritzakoan, honako hauen ordezkariak: Turismo Behatokia, Turismo Bulegoa, merkatarien elkarteak, udal-merkatuak, Pilotaren Munduko Hiriburua, azokak eta biltzarrak, Donejakue Bidearen Lagunen Elkartea… Ekonomiakoan, honako hauen ordezkariak: Udalaren Estrategia Bulegoa, Smart City, Gardentasuna, Etxebizitza, Pobrezia eta gizarte-bazterketa, Dirulaguntzak, Mercairuña eta Animsa, besteak beste.
Hiri, Auzo eta Kanpo Proiekzioko Mahaian, honako hauen ordezkariak: Mugikortasuna, Auzo-eztabaidaguneak, Gazteria, Harrotu, Herritarrendako Arreta, Emakumeen Etxea, Gizabidea, Bitartekaritza eta Bizikidetza.
Zerk egiten du Iruña desberdin? Hemen jasotzen diren etiketen hodeietan elkarrizketa kualitatiboetako erantzunak
laburbiltzen dira.
Turismoko Mahai Sektorialean, ostalaritza-elkarteen eta apartamentu turistikoetako elkarteen ordezkariak egon ziren bai eta gune turistiko garrantzitsuenetako ordezkariak ere. Eta Kulturakoan, honako hauen ordezkariak: antzerkia, dantza, argitalpen eta ikus-entzunezkoen sektorea, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Arte Garaikidearen Institutua eta Nafarroako Gobernuko Museoak.
Simon Anholt-ek (lurralde-marka kontzeptua asmatu zuen 1996an) sortutako Anholten hexagonoaren arabera, hainbat pertsona-taldek hiri bati buruz dituzten pertzepzioak biltzeko baliagarri diren sei alderdi daude: jendea, tokia, betekizunak, pultsua, presentzia eta potentziala.
Apirilan, 1.700 talde eta elkarte baino gehiago gonbidatu ziren dinamizatutako jardunaldi partizipatiboetara, Kondestable Civivoxean.
Era berean, galdetegi kualitatibo luzea bidali zitzaien hainbat esparru eta sektoretako ehun profesional baino gehiagori –guztiak erreferente ukaezinak–, eta eskura zegoen dokumentazio guztia aztertu zen.
Horren guztiaren emaitza gisa, lehen diagnostiko-txosten bat aurkeztu zen ekainean, eta uztailaren erdialdean bigarren txosten bat aurkeztu zen, Estrategia-txostena, hain zuzen. Azken horretan jasota zeuden hala marka-plataforma, nola Iruña marka berria aurkezteko “tagline” edo eslogana, hiriaren kontakizunaren adierazle dena: Pamplona, de verdad / Iruña, bagara.
Udazkenean, Iruña markaren helburuak eta estrategia aurkeztu zaizkie udal-talde politikoei eta sektore sozioekonomiko estrategikoetako hainbat eragileri. Udazkenenean, baita ere, markaren aurpegia izanen diren enbaxadoreak izendatu dira.
Azkenik, Iruña marka azaroan aurkeztu zen, Gayarre Antzokian egindako ekitaldi batean. 500 lagun baino gehiago egon ziren bertan, eta Joseba Asiron alkateak eta lehenagoko zenbait alkatek elkarrekin estalkia kendu eta marka berriaren logotipoa ezagutzera eman zuten.