Kontakizuna

Iruñean, gauzak eta jendea diruditen bezalakoak dira. Leiala, prestua, hitzekoa. Amarrurik gabe. Ez monumentuak, ez estatistikak: Iruña benetan paregabe egiten duena bertako jendea da.

Geure historia oparoak, geure erroek, geure nortasun pluralak eta geure ondareak, besteak beste, ederki ematen dute aditzera nola egin duen aurrera Iruñeak gaur egunera arte. Horregatik, garenaz harro gaude.

Gainera, geure lanerako gaitasuna balioesten dugu Iruñean, baita talentu, gogo eta ahalegin handiari esker lortu dugun hori ere. Guztiok batera: badakigu zer dugun –asko–, eta jakin badakigu zenbat kostatzen den hori lortzea eta zaintzea. Horregatik, nahiago dugu ahapeka kontatu, ahoberokeriarik gabe.

Iruñean, ikertzen, berrikuntzak egiten eta zerbait sortzen dugunean, zerbaiti ekiten diogunean eta lehiatzen garenean, benetan egiten dugu. Hori guztia ez dugu geure burua saritzeko egiten, baizik eta proiektu sendo, fidagarri eta erreferentziazkoak abian jartzeko.

Agian isilak garela dirudi hasieran, baina barnea irekitzen dugunean, benetan egiten dugu. Harrera egiten dugunean, betirako eta benetan egiten dugu. Iruñean, galdetu gabe laguntzea gustatzen zaigu, etxekoari eta kanpokoari, bereizketarik egin gabe. Iruña paregabe egiten duena bertako jendea da. Hori da bere aurkezpen-gutuna.

Pamplona, de verdad / Iruña, bagara.

Iruñea da...

Osasuna. Sanferminak eta festa. Erruki Etxea eta Cáritasen tonbola. Juevintxoa. Estafeta. Pilota. Punto de Vistako zinema dokumentala eta Flamenco On Fireko musika Magdalenako barazkiak. Euria. Merkatuak. Auzoak. Eta beste hamaika gauza. Baina, batez ere, jendea. Iruña bertako jendea da.

Honelakoak gara

Iruñean kide izatearen sentipen nabarmena dago, ez da zehaztugabetasunean erortzen, eta horregatik, harro sentitzeko arrazoi asko ditugu. Hori dela eta, zer garen kontatzeaz ez ezik, erabat askatu ez den ausardia hori bideratu eta bultzatu behar dugu. Iruñean bada ezkutuan dagoen sormena, azaleratu nahi duena eta kontatua izateko esperoan dagoena.

Iruña ez da da hiri monumentala, baina bertako jendeak eta tokiek bihurtzen dute paregabe, oso maitatuak eta balioetsiak baitira. Pertsona langileak, apalak, zintzoak, zertxobait egoskorrak, leialak, benetakoak, ezaguterrazak eta esker onekoak gara. Iruindarrak gara hiriaren kontakizunik onena, hura paregabe egiten dugunak, hiriaren benetako nortasun-ikurra.

Ez gara konformistak, ezta autokonplazentziazaleak ere. Aitzitik, Iruñean, ahots propio sendoz eta argiz aldarrikatzen dugu. Deigarria da hiriko elkarte-sarearen indarra, baita kalean duen presentzia etengabea ere. Eta zaintza-sare sendoa dago, Iruñean sentikorrak, eskuzabalak eta solidarioak garelaren erakusle. Pentsatzen ahal dena baino askoz irekiagoak gara; Iruñearen bihotzak behetik gora egiten ditu taupadak.

Betidanik, Iruñeko auzoek sekulako nortasuna agertu dute. Erdiguneak protagonismo handia duen arren, auzoek bizi propioa eta dinamikoa dute, eta peñak, klubak, elkarteak… horren erakusle dira egunero. Auzoen ahotsa txertatzea funtsezkoa da marka berria benetakoa, deszentralizatua eta multietnikoa izan dadin.

Festek eragin nabarmena dute hirian, beste ezein hiritan baino gehiago. Uztailekoak, sanferminak, mundu osoan ezagunak dira. Sanferminek itzalpean uzten dute dena, eta Iruñearen irudia desitxuratzen dute. Jakina, hemen geure festez harro gaude, baina jakin badakigu Iruña langilea, zuhurra eta lasaia dela. Iruñearen erronka ez da sanferminak ‘ezkutatzea’, baizik eta aldarrikatzea, esaterako, hiriak sare unibertsitario eta industrial oso indartsua duela, haize-energiaren sorlekuetako bat dela, liderrak diren konpainia biofarmazeutikoak, nekazaritzako elikagaienak edota teknologietakoak.

Hiri erromatarra eta baskoien hiriburua da Iruña, eta ondare historiko, kultural eta linguistiko oparoa du: migrazioek aberastu dute, eta funtsean, horregatik da anitza. Horri esker ikasten dugu guztiok elkarrekin bizitzen. Familiak, kuadrillak, elkarteak Osasunarekiko grina… aniztasun horren adierazle dira. Horregatik, desberdintasuna izan behar da gure kontakizuna eta marka berria hezurmamitzen dituen ardatza: elkargune bat.

Zuhurra, exhibizionismorako eta karrankarako joerarik ez duena. Iruñean ez da iruzurrik egiten, ezta talentua handikeriaz agertzen ere. Hiri xaloa, atsegina eta orekatua da, eta bertan naturaltasuna sinetsi eta praktikatu egiten da.

Iruñean, berdea ez da topiko bat, ezta aspirazio bat ere. Parke, lorategi eta berdeguneen metro karratu gehien dituen hirietako bat da. Hiriak harrikada batera ditu itsasoa eta mendia, eta ingurune pribilegiatu batean dago; hiri erosoa eta orekatua, lasaia, segurua, garbia eta txukuna da. Iruñean, berdea ez da marketina egiteko bide bat, gure DNAren zati bat baizik.