CAS | EUS

Nortasun bisuala

Iruñeko hiri-marka berria logotipo batean irudikatzen da, zeina kontakizunaren ikusizko adierazpena baita. Bere aurpegirik onena. Ez dira hitzak, ezta beste logotipo bat ere: nortasun bisualak hiriaren eta iruindarren egiazkotasuna biltzen ditu. Bere egiten ditu eta azken hariraino eramaten ditu.

= zeinua, antolatzaile bisuala

Logotipoa bat dator denona den kontakizunarekin: landutako historiaren fruitu da, orainaldi bikain baten fede ematen du, eta etorkizuna oparoa izanen delakoan dago. Desberdinak gara, baina funtsean denak berdinak gara. Berdin da zer pentsatzen dugun, zer bizi dugun, zer amesten dugun…Desberdinak izateak ez gaitu bereizten; aitzitik, errespetatzen eta abegitsuak izaten erakusten digu. Elkarrekin gehiago gara. Pluraltasun horretan oinarritu da Iruñeko hiri-marka berriaren nortasun bisuala.

Benetan plurala den marka

Hiri-marka berriaren logotipoan, gaztelania eta euskara ez daude tokia hartzeko lehian. Ez diote elkarri bizkar ematen edo ez ikusiarena egiten; aitzitik, josi egiten dira, elkartu egiten dira. Pentsamolde oso desberdinak izan arren, sarritan elkar ulertu ez arren, Iruñeko gizon eta emakumeek neurri berean maite dute hiria; munduko haien txokotzat dute, hiria hobetzeko grina bera dute. Grafikoki, logotipoak gorde egiten ditu batzen gaituen kontakizun komun horren balioak: logotipoa benetan plurala da.

Logotipo berriak agertzeko hiru modu izan ditzake: nagusia, bertikala eta apokopatu edo sinplifikatua. Horietako bakoitza unean uneko inguruabar eta baldintzen arabera erabiliko da. Bertsio horietan guztietan letra xehea erabiltzen da ezaugarri bisual gizatiar eta bereizle gisa. Izan ere, Iruña ez da mokoharroa, ezta arranditsua ere; ez da handiustea, ez du ikaratzen, ez du oihurik egiten. Alderantziz: Iruña adeitsua eta abegitsua da, xehea eta langilea, eta modu berean zaintzen ditu hala iruindarrak nola bisitariak. Iruña letra xehez deklinatzen da.

Iruña, tipografia esklusiboa

Iruñeko hiri-markaren nortasun bisuala garatzeko, tipografia esklusibo bat garatu dugu.

Familia berriak hiriaren izen bera du, Iruña. Sans serif letra da, tipografia humanista eta geometrikoetan oinarritua. Freskoa, garaikidea, irakurgarria. Orekatua. Neutroa. Zenbait ezaugarri berezi ditu, baina karranka eta gehiegikeriarik gabe. Baikorra. Iruña Sans letrak nahita alde batera uzten ditu ezaugarri historizistak eta klixe zaharrak, eta itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari.

Iruña tipografia berriak lau pisu ditu: bold, semibold, regular eta light izenekoak, bakoitza bere etzanekin. Horiek guztiak egokiro optimizatu dira ingurune inprimatu eta digitaletan agertzeko. Tipografia horrekin, Iruñearen irudia sendoagoa eta ezaguterrazagoa izanen da.

Iruñearen koloreak

Iruña marka berriaren kolore-paletak hiriko banderaren berdea hartzen du abiapuntu, Iruñeko parke, berdegune eta ingurune natural distiratsuen adierazgarri. Baita planeta begirunez zaindu eta bertan bizitzeko modu baten erakusgarri ere.

Bai, Iruña berdea da, baina berdea baino askoz gehiago da. Sanferminetan zuri-gorria da. Sadarren “gorritxoa” da, bertan animatu eta bultzatzen baitu Osasuna. Udazkenean, hori, okre eta granate bilakatzen da. Zertzelada urdinak eta bioletak daude neguan, hotza iristen denean…

Iruña marka berriaren garapen kromatikoak Pedro Salaberri pintore iruindarraren koadroak ditu inspirazio-iturri. Kolore horietatik abiatuta, erro sakonak dituen paleta bat garatzen da, ezaguterraza eta, aldi berean, moldaerraza.

Deskarga