Herritarrek abenduaren 19ra arte bisitatzen ahalko dute Kondestablen ‘Pamplona= Bagara. Iruña = De verdad’ hiri-markari buruzko erakusketa
Iruñeko Udalak ‘Pamplona=Bagara. Iruña=De verdad’ hiri-marka berriari buruzko erakusketa antolatu du, marka hori nola sortu den eta sorkuntza-prozesu osoa nolakoa izan den herritarrei ezagutarazteko. Kondestablearen jauregian eman diote hasiera ibiltaria izanen den erakusketari, eta abenduaren 19ra arte bisitatzen ahalko da. Udaleko Lehendakaritza Batzordea hiri-marka berria sei paneletan jorratzen duen erakusketa bertatik bertara ezagutzera joan da gaur goizean.
‘Pamplona=Bagara. Iruña=De verdad’ azaroaren 12an aurkeztu zen jendaurrean, hiriko hainbat esparru eta sektoretako 400 pertsona inguru bildu zituen ekitaldian. Orain, erakusketa honen bidez, Udalak hainbat hilabetez landu den prozesu baten zertzelada batzuk eskaini nahi dizkie herritar guztiei. Prozesuak iraun bitartean, 1.700 kolektibok jaso zuten bertan parte hartzeko gonbidapena. Formatu handiko sei paneletan, azalpenak ematen dira Iruñea den bezalakoa izateko funtsezkoak diren alderdiak eta ezaugarriak aztertzeko, bateratzeko eta definitzeko prozesuari buruz, ondoren, hiri-marka berria asmatzeko, ez soilik kontzeptu gisa, baizik eta baita irudi gisa ere, bere logo, kolore eta tipografia propioekin.
Hala, Lehendakaritza Batzordeko kideek informazio-panel horiei guztiei buruzko azalpenak jasoz jarraitu ahal izan dituzte prozesu osoaren nondik norakoak. Lehenik eta behin, Iruñeko biztanle guztiak batzen dituenari buruzko zertzelada batzuk jaso dituzte. Oinarrizko datu demografiko eta geografikoez harago, herritarrek berezko sentitzen dituzten alderdiek egiten dute hiria, eta bisitatzera eta gozatzera datozenek ere elementu horiekin identifikatzen dute. Historia eta ondarea da, baita sanferminak eta berdeguneak ere, harresiak eta unibertsitateak, natura eta kirola, gastronomia, aniztasuna eta dibertsitatea. Hala islatu da elkarlanean egindako parte hartzeko jardunaldi, elkarrizketa, elkarlanen sortzeko lantegi, mahai sektorial eta teknikoetan, bai eta orotariko irudi hori lantzeko egin diren ehun elkarrizketa baino gehiagotan ere. Informazio-paneletan azaldutako diagnosi-prozesu horretan marka berriaren oinarriak jarri ziren, eta, ondoren, sorkuntza-prozesu baten bidez eman zitzaien forma. Prozesu horretan, dena biltzen duen esaldi bat pentsatu behar izan zen, baita hiria irudikatzen duen kolorea eta tipografia propio eta bakarra ere. Horrela sortu da ‘Pamplona=Bagara. Iruña=De verdad’.
Erakusketaren zati handi bat hiri-markaren enbaxadore bihurtu diren pertsonek osatzen dute. Bi paneletan, lau emakume eta lau gizonen aurpegiak eta historia jasotzen dira. Iruindarrak dira guztiak, guztiek dute ibilbide profesional garrantzitsua eta mundu osora zabaltzen dute Iruñearen izena. Montxo Armendáriz zinemagilea, El Drogas musikaria, Joanna Artieda Vicente gozogilea, Mai Garde Echaleku futbolaria, Aurora Beltrán Gila abeslaria, Juan Martínez de Irujo Goñi pilotaria, César Oroz Martija umorista grafikoa eta Nekane Solana Arocena La Pamplonesako presidentea dira.
Erakusketa abenduaren 19ra arte egonen da ikusgai Kondestablearen Jauregian. Hurrengo egunean, abenduaren 20an, Zabalguneko Merkatura eramanen da, urtarrilaren 10era arte. Urtarrilaren erdialdetik aurrera, hiriko auzoetan barna ibiliko da biran, ekainera arte.