Montxo Armendáriz
Zinemagilea
Montxo Armendáriz Barrios izan da Nafarroak izan duen zinema-zuzendaririk eta gidoilaririk gailena. Era berean, toki nabarmena du azken hamarkadetako nazioarteko zinemagintzan. Elektronikako ikasketak egin zituen, eta irakasle aritu zen Iruñeko Salesianos ikastetxean. Gizarte-sentsibilitate aparta eta konpromiso handia du hainbat gaitan. Zinematografiako Sari Nazionala (1998), Vianako Printzea Kulturaren saria (1998) eta Arte Ederren arloko Merituen Urrezko Domina (2020) jaso ditu, beste askoren artean. Lau film labur egin ditu (‘Barregarriaren Dantza’, ‘Ikusmena’, ‘Ikuska 11’ eta ‘Carboneros de Navarra’) eta 9 film luze (‘Tasio’, ‘27 horas’, ‘Las Cartas de Alou’, ‘Historias del Kronen’, ‘Secretos del Corazón’, ‘Silencio Roto’, ‘Escenario Móvil’, ‘Obaba’ eta ‘No Tengas Miedo’). Hamaika sari eman dizkiote nazioko eta nazioarteko jaialdietan, zenbait Goya sari, eta Oscar sarietarako hautaketa eta izendapen bana. 2000. urtean, Puy Oriarekin batera Oria Films ekoitztetxea jarri zuen martxan, eta bere lau filmez gain, beste zuzendari batzuenak ere ekoiztu dituzte. 2024an 40 urte bete dira ‘Tasio’ filma estreinatu zenetik. Horixe dugu, beharbada, Montxoren filmik enblematikoena. “Honoris Causa” doktorea da NUPen, eta Jakiundeko eta Espainiako eta Europako Zinema Akademietako kidea da.